1897an sortua, Donostiako Orfeoiak Espainiako abesbatza garrantzitsuena izatearen prestigioa gehitzen dio bere ibilbide luzeari. Bere kanta sortan aurki ditzakegu ehun bat obra sinfoniko-koral, opera eta zarzuelako berrogeita hamar bat obra, eta folklore eta polifoniako obra ugari ere bai. 1987tik José Antonio Sainz Alfaro da zuzendaria, eta haren aurretik Secundino Esnaola, Juan Gorostidi eta Antxon Ayestaran izan ziren.

Hasierako amateur-izaerari eutsi badio ere, Orfeoiak profesionaltasunez egiten du lan, urtero 35 eta 40 kontzertu inguru eskainiz batez beste. Espainiako musika-jaialdi garrantzitsuenetan hartzen du parte maiz. Donostiako Musika Hamabostaldian ia urtero parte hartu du (haren Urrezko Domina eman zioten 1997an), eta zortzitan baino ez du huts egin lehenbizikoz antolatu zutenetik. Urte hartan bertan, Granadako Jaialdiak ere eman zion bere domina "garrantzi artistiko eta profesionalagatik eta Jaialdiarekin izan duen harreman luzeagatik". Santanderreko Jaialdian 33 alditan hartu du parte orain arte. Kanarietakoan ere eskuarki hartu du parte, eta 2007ko eta 2008ko edizioetan amaierako ekitaldian aritu zen Rattle eta Mutiren zuzendaritzapean, hurrenez hurren; eta Peralada eta Cuencako jaialdietan ere abestu du.

Europako hainbat jaialditara gonbidatu dute, besteak beste, Salzburgokora, Rhinekora, Ruhrtriennalera, Luzernako Jaialdira, Parisko Saint Denisekora, Frantziako Orangeko Chorégiesera edota Radio France et Montpellier jaialdira. Londresko Proms kontzertuetan ere parte hartu du.

1897, Mondragón

Azken urteetako nazioarteko emanaldietatik, honako hauek nabarmentzen dira: Parisko Philharmoniekoa, Parisko Pleyel aretokoak eta Tolosako La Halle aux Grainsekoak, Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin, eta Tugan Sokhiev maisuaren gidaritzapean. 2013an, debuta egin zuen Milanen, Giuseppe Verdi Orkestra Sinfonikoarekin, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean. 2009an, lehenengo aldiz abestu zuen Frankfurteko Alte Oper operan, Paavo Järvi maisuarekin eta Frankfurteko Hr Sinfonie Orchester orkestrarekin. Bi urte lehenago, 2007an, kontzertu bat eskaini zuen Vienako Musikvereineko urre-koloreko aretoan, Vienako Orkestra Sinfonikoarekin. 2006an, Caracasera bidaiatu zuen (Venezuela), eta, bertan, Beethovenen Bederatzigarrena interpretatu zuen, Claudio Abbadoren zuzendaritzapean eta Venezuelako Gazte Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin. Aldi berean, West Eastern Divan Orkestrarekin lankidetza hasi zuen. 2004an, Barenboimek zuzentzen duen Hagako Erresidentziako Orkestrarekin egin zuen birak orkestraren 2006ko nazioarteko biraren lehen hiru kontzertuak ekarri zituen, baita beste bat ere 2009an. Verdiren heriotzaren mendeurrenean ere parte hartu zuen, musikagile italiarraren Requiema abestuz (2001), eta Barenboim eta Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin Brucknerren Meza Fa minorrean kantatuz (2001). 1997an Berlinen abestu zuen, Alemaniako hiriburuko Orkestra Filarmonikoarekin eta Claudio Abbadoren zuzendaritzapean, Silvesterkonzert antzokian.

Orkestrak, maisuak eta bakarlariak

Lankide izan dituen orkestren artean hauek dira aipagarrienak: Berliner Philharmoniker orkestra, Czech Philharmonic Orchestra, Dresdner Philharmonie, English Chamber Orchestra, Hamburguer Symphoniker, Israel Philharmonic, Istanbul Symphonic Orchestra, London Symphonic Orchestra, Los Angeles Philharmonic Orchestra, Lucerne Festival Orchestra, New York Philharmonic Orchestra, Orchestra Filarmonica della Scala, Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionala, Lisboako Teatro São Carloseko Orkestra, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Radio Symphonierchester Wien, Espainiako Orkestra Nazionala, Madrilgo orkestra Sinfonikoa, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Venezuelako Gazte Orkestra Sinfonikoa, RTVEren Orkestra Sinfonikoa, Mariinsky Antzokiko Orkestra, Radio-Sinfonie-Orchester Frankfurt, Sevillako Errege Orkestra Sinfonikoa, Rundfunk-Sinfonieorchester Berlin, Errusiako Orkestra Nazionala, Sofiako Opera Orkestra Nazionala, The Royal Philharmonic Orchestra of London eta West-Eastern Divan Orchestra. Harreman berezia du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta urtero hainbat kontzertu egiten ditu harekin.

Orfeoia gidatu duten maisuen artean honako hauek dira aipatzekoak: Abbado, Argenta, Barenboim, Chailly, Frühbeck, Gergiev, López Cobos, Maag, Makerras, Maazel, Markevich, Masur, Mehta, Muti, Nézet-Séguin, Ozawa, Pletnev, Rattle, Salonen, Saraste, Sokhiev, Stokowsky, Temirkanov, Ticciati, Víctor Pablo Pérez eta Zedda.

1904

Halaber, hainbat bakarlarirekin egin du lan Orfeoiak: honako hauekin, besteak beste: De los Angeles, Armstrong, Baker, Bastianini, Berganza, Bumbry, Burrows, Caballé, Carreras, Van Dam, Donath, Domingo, Gigli, Janowitch, Lorengar, Marshall, del Monaco, Norman, Pavarotti, Procter, Schwarkopf, Tear eta Vickers.

200 grabazio baino gehiago

Egin dituen 200 grabaziotik gora horietatik hona hemen nagusiak: EMI-Francerentzat Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Michel Plassonekin egindakoa. Padmâvatî (Roussel), Gran Prix de l’Academie du Disque Français eta Gran Prix de L’Academie Charles Cros sariak lortu zituen. Requiema (Fauré). III. Sinfonia (Ropartz); Diapasón d’Or saria jaso zuen horri esker. L'Arlesienne (Bizet). Guercoeur (Magnard); Gran Prix Academie Charles Cros, Grand Prix Academie du Disque Français, Grand Prix Academie Disque Lyrique eta Belgikako Le Prix Cecilia sariak eskuratu zituen. Evocations (Roussel). Mors et Vita (Gounod). Redemption (Franck). Requiema (Verdi) eta Carmina Burana (Orff).

Deutsche Grammophone diskoetxearekin honako hauek nabarmentzen dira: A salute to Carmen,1997an Berlingo Silvesterkonzertean grabatua Abbadorekin eta Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin. Berliozen La damnation de Faust, 1999an Salzburgon grabatua Sylvain Cambreling zuzendariarekineta Berlingo Staatkapellerekin, eta Mahler-en Bigarrena Luzernako Jaialdian 2003an grabatua Jaialdiko Orkestrarekin eta Claudio Abbadorekin.

2003an Verdiren Requiem Mezaren CDa, EMIk argitaratu zuena; Grammyetarako proposatu zuten "Best Choral Performance" kategorian. Errekonozimendu hori grabazio hartan parte hartu zuten beste abesbatzen (Swedish Radio Chorus eta Eric Ericson Chamber Choir) zuzendariarekin batera jaso zuen Orfeoiaren zuzendariak. Obra bera DVDan ere argitaratu zen.

Euroarts diskoetxearekin Mahler-en Bigarrena grabatu zuen 2003an Luzernako Jaialdian eskainitako kontzertuan, Abbadok zuzenduta eta Lucerne Festival Orchestra lagun zuela; Urrezko Diapasoia saria jaso zuen diskoak.

RTVEren diskoetxearekin hainbat CD grabatu ditu. Horietako bi abesbatzaren mendeurrena zela eta argitaratu ziren hainbat kontzertutako zatiak bilduz, eta Platinozko Diskoa izan zen haietako bat. Halaber, honako disko hauek ere grabatu ditu: habanerak jasotzen dituzten bi CD; "Clásicos Populares" izenburuko bi; "Canciones" izenburuko bat (Urrezko Diskoa); "Orfeón Donostiarra Clásico", Mozarten Requiema eta Orffen Carmina Burana jasota; "Latino", Atlantikoaren alde batean zein bestean ezagunak izan ziren abestiekin, eta "Canciones del mundo" izenekoa.

Virgin Classics diskoetxearentzat, Mahler-en Bigarren Sinfonia grabatu zuen 2009an, Frankfurt Radio Symphony Orchestrarekin batera eta Paavo Järviren zuzendaritzapean. 2016an, Accentusek Mahler-en Zortzigarren Sinfonia grabatu zuen Luzernako Jaialdian, eta 2017an argitaratu.

Atzera begira

1896ko ekaineko egun batean, Sociedad Coral-eko hogei kantarik, Luzuriagaren gidaritzapean, trena eta gero diligentzia hartu zuten Arrasatera heltzeko, Euskal Jaiak ospatzen baitziren han. Donostiako Orfeoiaren aitzindari-taldea zen hura, Orfeoia bera 1897ko urtarrilaren 21ean sortu baitzen legez.

Kronikek diotenez, hogei kantari saiatu haietatik sortu zen gaur egunera arte iraun duen asmoa: "euskal kantak zaindu eta zabaltzea".

Luzuriaga eta Oñate izan ziren lehen zuzendariak. Hasierako bost urteetan, oso errepertorio laburra zuen Orfeoiak: Jota Navarra (Brull); Danubio urdin ederra (Strauss); Oh, Pepita (Muller), eta Boga, Boga ospetsua, besteak beste. Halaz eta guztiz, balantze artistikoa soil samarra bazen ere, antolamendu-lan izugarria egin zuten fundatzaileek . Bosturteko hartan hogeiren bat kontzertu baino eman ez ziren arren, laurogeita hamasei zuzendaritza-batzorde eta hogeita bederatzi biltzar egin ziren.

Taldea antolatu eta abesbatzen eremuan tokia hartzeko erabili ziren lehen urteak; baina laster, irizpideak bateratu eta helburuak ezarrita zeuden.

1932, La Perla

Donostiako Orfeoiak, bere ibilbide luzean, ondo bereizitako lau aldi izan ditu, haietako bakoitzeko zuzendarien izaerak eta pertsonalitateak biziki berezitakoak laurak ere: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Ayestaran eta José Antonio Sainz Alfaro.

XX. mendearen hasieran, maiz egiten ziren koru-lehiaketak, eta haietako askotan hartu zuen parte Donostiako Orfeoiak, nola ez. Garai hartakoa da 1906ko Parisko Grand Prix d'Honneur sariarekin koroatu zen sari-multzo eskerga.

1909an, Donostiako Orfeoiaren etorkizunerako garrantzi handiko erabakia hartu zuen Esnaola maisuak: emakumeak sartzea, eta ahots baxuko abesbatza ahots mistoko abesbatza bihurtzea. Horri esker, errepertorioa handitu eta esparru sinfoniko-koralean sartzea lortu zen. Donostiarrek arreta handiarekin entzun zioten Orfeoiari Bello Navío lanaren interpretazioa, tipleen zatia kantatzen zuten haurren ordez "neskek" egin baitzuten lehen aldiz. Ikusgarria izan zen arrakasta.

Esnaola maisuaren aldi honetan, ondorengo emanaldiak nabarmen daitezke: Donostiako Kasinoan Orkestra Sinfonikoarekin egindakoa, Arbos maisuaren zuzendaritzapean, eta Madrileko Antzoki Lirikoan eta Errege Antzokian emandako kontzertuak.

1941, Gran Kursaal

Esnaolaren ondoren etorri zen Juan Gorostidi maisuari esker, abesbatzak nazioko eta atzerriko zuzendari handien eragina bereganatu zuen, eta Europako nazioarteko jaialdirik nagusienetan hartu zuen parte. Gainera, errepertorioa ere biziki handitu zen eta zartzuelaren eta operaren mundura hedatu zen aldi horretan.

Juan Gorostidi hil ondoren, ordura arte abesbatzako tenorra ez ezik zuzendariordea ere bazen Antxon Ayestaranek hartu zuen zuzendaritzaren ardura. Bere aurrekoen lan handiari, eta maila artistikoa hobetzeko etengabeko ahaleginari eutsi zion hark ere. Ayestaranekin ugaritu egin ziren nazioarteko birak, eta beste herrialde batzuetako jendearen eta kritikaren aitorpena lortu zen haiekin. Berea izan zen haurren abesbatzaren hasierako ideia eta lehen bulkada, eta egun bere izena daraman musika-tailerra eta kantu-eskola jarri zituen abian.

José Antonio Sainz Alfarok 1987an hartu zuen bere gain Donostiako Orfeoiaren zuzendaritzaren ardura, Ayestaran hil ondoren. Baritono moduan iritsi zen Orfeoira eta laurogeiko hamarkadan lankidetza estuan aritu zen sasoi hartan zuzendaria zen Antxon Ayestaranekin; berehala bihurtu zen haren laguntzaile eta zuzendariorde izendatu zuten. Sainz Alfarok ahots gazteak sartu zituen abesbatzan, eta aurreko zuzendariek erdietsitako musika-maila jasoari eutsi dio. Gazteen abesbatza jarri du abian, eta biolin eta biolontxeko ikasgelak.