1986az geroztik Donostiako Orfeoiaren arduradun gorena izanik, José Antonio Sainz Alfarok eraman du Orfeoia nazioartean inoiz izan duen sonarik handiena edukitzera eta bere errepertorioa etengabe hedatzera. 1992an, musikagintzako El Ojo Crítico saria eman zioten bere lanarengatik.
Zientzia Fisikoetan lizentziatua, José Antonio Sainz Alfaro (Donostia, 1956) gazte-gaztetatik egon da musikarekin lotuta bokazioz eta lanbidez: Donostiako kontserbatorioan egin zituen musika-ikasketak, Francisco Escudero eta Tomás Aragués maisuen eskutik, besteak beste, eta ondoren atzerrian osatu zuen bere prestakuntza, abesbatza-zuzendaritzako ikastaroak eginez.
1980 eta 1988 artean San Ignacio Abesbatza zuzendu zuen, eta aldi berean irakasle-lan garrantzitsua burutu zuen Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan.
1974an izan zuen lehen harremana Donostiako Orfeoiarekin, baritono gisa sartu zenean. Laurogeiko hamarkadan zehar, lankidetza estuan jardun zuen orduan taldearen burua zen Antxon Ayestaranekin, eta laster izan zen haren laguntzailea. Zuzendariorde izendatu zutenean, lan berri ugari prestatu eta muntatu zituen, baita hedapen-politika, oraindik xumea, sustatzen lagundu ere. Ayestaran 1986an bat-batean hil zenean, Orfeoiaren titular izendatu zuten. Harrezkero, etapa berri bat hasi zuen abesbatzak; nazioarteko eszenatokietan agertzea eta bere errepertorioa etengabe hedatzea izanik aldi berri horren ezaugarriak. Langintza horren aitorpena izan zen 1992an Radio Nacional de Españak eman zion musikagintzako El Ojo Crítico saria.
Azken urte hauetan talde donostiarraren errepertorioan hainbat partitura sartu dira, besteak beste: Edipo (Enescu), Brindisiko Apezpikuaren heriotza (Menotti), Oedipus Rex (Stravinsky), Bezperak eta Kanpaiak (Rachmaninov), Geroncioren ametsa (Elgar), edo Meza Glagolitikoa Janacek.
Sainz Alfaroren eskutik joan da Orfeoia hainbat eta hainbat jaialditara: Salzburgo (1999); Montreux (1999); Rhineko lehiaketa alemaniarretara (2002) eta Ruhrtriennaleetara (2002 eta 2004); Luzernako Jaialdira (2003), Parisko Saint Denisekoara (2006), Frantziako Orangeko Chorégiesera (2008 eta 2011) edo Radio France et Montpellier jaialdira (2012).
Sainz Alfaroren aldi horretan egin diren grabaketa ugarien artean honako hauek dira nabarmentzekoak: Orfeón 1987-1997 Entre lo sagrado y lo profano izenburuko CDa, Platinozko Disko bat lortu zuena; Verdiren Requiem Mezarena, EMIk 2003an argitaratuta, Grammy sarietarako "Best Choral Performance" kategorian hautatu zutena; izendapen hori grabazio hartan parte hartu zuten beste abesbatzen (Swedish Radio Chorus eta Eric Ericson Chamber Choir) zuzendariarekin batera jaso zuen Orfeoiaren zuzendariak. 2003koa da, halaber, Mahler-en Bigarrena Sinfonia jasotzen zuen CDa, Luzernako Jaialdiko emanaldian grabatu zena, Abbadoren zuzendaritzapean eta Lucerne Festival Orchestra lagun zuela; disko hark Diapason aldizkari frantsesak ematen duen Diapason d’Or saria jaso zuen; eta "Canciones" izenburua daraman CDa, herrikoiagoa, Urrezko Diskoa izan zena.
Duela bi hamarkada baino gehiago, Sainz Alfarok etapa berri bati ekin zion orkestrako zuzendari moduan, eta tenore horretan aritu da orkestra hauen zuzendari: Letoniako Orkestra Filarmoniko Nazionala, Radiotelevisión Españolaren Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Errusiako Orkestra Nazionala, Istanbuleko Orkestra Sinfonikoa, Philharmonia Pomorska, Sofiako Operaren Orkestra Nazionala, Bukaresteko George Enesco Orkestra Filarmonikoa, Madrileko Orkestra Filarmonikoa, Lisboako Teatro São Carloseko Orkestra, Vallèseko Orkestra Sinfonikoa eta Malagako Orkestra.