Azaroaren 23an, Orfeoiak Kursaaleko Auditoriumean emango dio amaiera 120. urteurrenaren ospakizunari. Kontzertua Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin batera izango da, alegia, Errege Antzokiko orkestra titularrarekin. Agertoki enblematiko horri oso lotuta dago abesbatza, 123 aldiz abestu baitu bertan. Kontzertu honen bidez, bi erakundeen arteko lotura artistikoak sendotu nahi dira.
Ospakizun bikoitz honetarako Prokofieven Ivan Izugarria obra hautatu da. Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Orfeoia eta Orfeoi Txikiaren ahotsez gain, Ainhoa Zubillaga (mezzosopranoa) eta Eneko San Sebastián (baritonoa) bakarlariek ere abestuko dute, Sainz Alfaroren gidaritzapean. Obrak Ivan Izugarria tsarraren bizitza gorabeheratsua kontatzen du, azpijokoz, hilketez eta guduz betea. Istorioak narratzaile bat behar du, eta kasu honetan, Iñaki Gabilondo kazetaria izango da.
Aire errusiar patriotikoez betetako kantata ospetsua Sergei Eisensteinen zinemako trilogiarako konposatu zuen Prokofievek. Kantatak zati gogorrak ditu, tesituragatik eta testura, estilo eta dinamikaren kontrasteengatik. Hala ere, Orfeoiko ahotsek zailtasun horiei aurre egin diete kantata osorik interpretatu duten bederatzi aldietan, besteak beste, Txekiako Orkestra Sinfonikoarekin, Sofiako Opera Nazionalekoarekin, San Petersburgoko Filarmonikarekin eta EOSarekin batera.
Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta Laboral Kutxak babesten du.
Elkarri lotutako historiak
Errege Antzokiaren eta Orfeoiaren historiak oso lotuak egon dira 1916tik, abesbatzak urte hartan eman baitzuen lehenengo kontzertua antzoki historikoan. Ordutik, 123 emanaldi egin dituzte, tartean, kontzertu sinfoniko-koralak hainbat orkestrarekin, opera abestua eta antzeztua edo, lotura artistikoaren lehen urteetan, euskal kanta herrikoien programak.
Orfeoiak Errege Antzokiaren lehen berrirekitzean parte hartu zuen. Ondoren, Aste Santuan –1977 arte–, Bachen San Mateoren Pasioa interpretatzen zuen Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta bertako titularra zen Frühbeck de Burgosekin. Urtero hiru edo lau aldiz interpretatzen zuten, eta aretoa erabat betetzen zen. Hiru urtetan, 1968an, 1970ean eta 1972an, agerpen ugari egin zituzten, urtean bederatzina kontzertu interpretatu baitzituzten.
Opera-antzoki bezala bigarren aldiz berrireki zenean, 1991 eta 1997ko jarduera-ezaren ostean, Orfeoiak Fallaren Bizitza laburra interpretatu zuen. Sei aldiz abestu zen, eta, jakina, 2007an,berrirekitzearen hamargarren urteurrenean, berriz interpretatu zuten.
120. urteurrenaren une esanguratsuenak
Orfeoiak hiru kontzertu berezirekin ospatu nahi zuen 120. urteurrena. Lehena, etxekoekin ospatzeko, ekainaren 24an izan zen, Konstituzio plazan. Ospakizun herrikoi eta donostiar horretan, hiru gertakizun historiko ospatu ziren: Konstituzio plazan jarri zen lehen harriaren 200. urteurrena, Orfeoiaren 120. urteurrena eta Udala plaza horretatik gaur egun dagoen tokira lekualdatzearen 70. urteurrena. Udal-liburutegiaren aurrealdean proiektatu ziren irudiek eta argi-jokoek giro berezia sortu zuten. Horrek eta publikoak betidanik entzun dituen abestiek emozio ugari piztu zituen entzuleen artean. Orfeoi Txikiko haurren ahotsek ere ospakizunean parte hartu zuten.
Bigarren kontzertua Londresko Royal Albert Hallen ospatzen den Proms zikloko debuta izan zen. Beethovenen Fidelio opera kontzertu bertsioan interpretatu zuten BBC Filarmonikoarekin batera eta Juanjo Menaren zuzendaritzapean.
Aretoa ia beteta zegoen, eta ikaragarri gustatu zitzaien 6.000 ikusleei. Ikuskizun «kementsu eta alaia» eman zuen Orfeoiak (Musicomh hedabide ingelesaren arabera) eta emanaldia emakumezkoen ahotsen «alaitasun-oihuarekin» amaitu zuten (Bachtrack). Abesbatzarekin batera, nazioarteko abeslari hauek abestu zuten: Stuart Skelton, Ricarda Merbeth, James Creswell, Louise Alder, Benjamin Hulett, Detlef Roth eta David Soar.
Eta tokiko ospakizuna borobiltzeko, hirugarren kontzertu-trukaketa antolatu da Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin.
Datorren urteko irailaren 26an ere beste kontzertu bat emango da Errege Antzokian orkestra berdinarekin (programa oraindik ez dago zehaztuta).
Espainiako orkestra sinfoniko egonkor zaharrena
Orkestra 1903an sortu zen. 1904ko otsailaren 7an, Madrilgo Errege Antzokian aurkeztu zen, Alonso Cordelásen zuzendaritzapean, eta Espainiako lehen orkestra sinfoniko egonkorra izan zen. 1905an, Enrique Fernández Arbósekin batera lan egiten hasi zen, eta hiru hamarkadatan zehar aritu ziren elkarlanean. Horrez gain, podiumean, maisu garrantzitsuak egon ziren, esaterako, Richard Strauss eta Igor Stravinski.
Arbósen heriotzaz geroztik, Madrilgo Orkestra Sinfonikoaren (OSM) zuzendaritza hainbat zuzendari espainiarrek hartu zuten, esaterako, Conrado del Campo, José María Franco, Enrique Jordá eta Vicente Spiterik.
1981ean, Kultura Ministerioarekin egindako hitzarmen baten ondorioz, Zarzuelako Antzokiko ikuskizun guztien orkestra egonkor bihurtu zen. Halaber, jarduera sinfonikoa berreskuratu zuen. Arlo horretan, hain zuzen ere, aipagarria da Musika Auditorium Nazionalean ospatzen den Madrilgo Erkidegoko urteko kontzertu-zikloa. Espainiako zuzendari garrantzitsuenekin lan egiteaz gain, maisu hauen zuzendaritzapean ere egon da orkestra: Peter Maag, Kurt Sanderling, Krzysztof Penderecki, Mstislav Rostropovitx, Semion Bitxkov, Pinchas Steinberg, Armin Jordan, Peter Schneider, James Conlon, Hartmut Haenchen, Thomas Hengelbrock, Jeffrey Tate, Nicola Luisotti eta Lothar Koenigs.
OSM, 1997tik, Antzerki Lirikoaren Fundazioarekin egindako kontratu ugariren bitartez, Errege Antzokiko Orkestra titularra izango da 2026. urtera arte. Luis Antonio García Navarro (1999-2002) eta Jesús López Cobos (2002-2010) Orkestraren zuzendari izandakoak dira, eta gaur egun, Ivor Bolton da zuzendaria; Pablo Heras-Casado, aldiz, zuzendari gonbidatu nagusia da.
Orkestraren diskografian, aipagarriak dira Auvidisentzat grabatutako zarzuelak eta opera espainiarrak, Artsentzat grabatutako Felix Mendelssohnen Sinfoniak, Peter Maagen zuzendaritzapean, eta Deccarentzako Isaac Albénizen Merlin eta Henry Clifford operen munduko lehen grabazioak, José de Eusebioren zuzendaritzapean. Errege Antzokian eskaini dituzten emanaldi ugari CDan nahiz DVDan argitaratzen ari dira. (www.osm.es)