Donostiako Orfeoiak 2024an egin duen nazioarteko lehen irteera historiara pasa da. Donostiako koruak Toulousen eta Foixen abestu du Aste Santuan. Bertan, bi eszenatokiak bete ditu eta publikoaren esker ona jaso du.

Albiste nagusia Donostiako abesbatza 127 urteko historian lehen aldiz emakume batek zuzendu zuela izan da. Ariane Matiakh zuzendari frantses ospetsua da bera, Alemaniako Württemberg Philharmonic Orchesta Reutlingeneko titularra.

Donostiako Orfeoiaren zuzendari titularrak, Sainz Alfarok, eta orfeoigileek musikaren inguruko bizipenak eta esperientziak partekatu zituzten berarekin, elkarrekin gozatu zituzten 48 orduetan. Nola ez, Orfeoiaren ohorezko liburua ere sinatu zuen Matiakh maisuak.

Toulouseko Orkestrarekin batera egindako kontzertu hauetan ondorengo obra interpretatu zen: Les sept paroles du Christ en croix (César Franck). Bertan, Florie Valiquette sopranoak, Julien Behr tenorrak eta Jean-Sébastien Bou baritonoak parte hartu zuten.

Toulouseko kontzertua France Musique kateak grabatu zuen eta apirilaren 15ean emitituko du 20:00etan. Gainera, Donostiako abesbatzak Frantziako bidaiari buruzko bideoak eta argazkiak argitaratu ditu sare sozialetan.

Martxoa hilabete bizia eta berezia izan da Orfeoiarentzat baina apirila ere hala izango dela dirudi. Adibidez, Columbus Fundazioaren aldeko kontzertua hilabete honetan ospatuko da; ekitaldi horren helburua gaixotasun arraroak dituzten haurrei bizitza aldatzen laguntzea da.

Ez hori bakarrik, apirilean ere Donostiako Orfeoia-UPV/EHUko Saria emateko gala ospatuko da.

Kontzertuen eta sarreren salmentari buruzko informazio zehatza www.orfeondonostiarra.org  webgunean kontsulta daiteke.