Donostiako Orfeoiak energia berrituarekin eta kontzertu bikoitzarekin ekingo dio denboraldi berriari asteburu honetan.
Alde batetik, José Antonio Sainz Alfaro maisuak zuzendutako abesbatzak, datorren ostiralean, otsailaren 23an, Gazteen Kontzertu Solidarioan parte hartuko du. Aurtengoa hamabosgarren edizioa izango da. Aieteko Ikastetxe Nagusiak antolatutako ekitaldia da eta bertan lortutako dirua Gipuzkoako Caritasen Hotzaldi proiektura bideratuko da.
Kontzertua 19:30etan hasiko da Koruko Andre Mariaren Basilikan eta abesbatzak Juan de la Rubiaren laguntza izango du (Bartzelonako Familia Santuaren Basilikako organista titularra da). Sarrerak Ayete Ikastetxe Nagusiaren webgunean eros daitezke. "Oso kontzertu polita eta berezia izango da, Andre Mariaren Basilikan beti izan ohi den modukoa. Plazer bat da urtero horrelako ekimenetan parte hartzea, musikaren eta ahotsaren bidez egunero ikusten ditugun desberdintasun sozialeko egoeren inguruan sentsibilizatu nahi dugu”, adierazi du Sainz de Alfarok.
Bestalde, otsailaren 24an, larunbatean, Donostiako Orfeoiak Azkoitia Fundazioaren 700. urteurrenean abestuko du. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan izango da Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen elizan. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Bi kontzertuetarako egitaraua ondorengoa izango da: “Ave María (Tomás Garbizu, egokitzapena Jagoba Astiazarán), Aita Gurea (Aita Madina), Anima Christi (Marco Frisina), 4 Pezzi Sacri (Giuseppe Verdi), Pie Jesu (Lloyd Weber), Vísperas (Sergei Rachmaninov), Ave Verum (Karl Jenkins), Zadok the Priets (George Friedich Haendel), Mefistofele (Arrigo Boito), You raise me up (Rolf Lovland & Brendam Graham), II Sinfonía Resurección (Gustav Mahler), Requiem (Gabriel Fauré) eta Amazing Grace (John Newton).
Orfeoiak gogotsu ekin dio urte berriari eta datozen hilabeteetarako kontzertu eta proiektu ugari prestatu ditu. Informazio zehatza webgunean eta koruaren sare sozialetan kontsulta daiteke.