Orfeoiak udako jaialdiei ekingo dio, eta Carcasonan izango da lehena. Hain zuzen ere, uztailaren 5ean, Jean Deschamps antzokian interpretatuko du Carl Orffen Carmina Burana, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin eta Michele Gambaren zuzendaritzapean. Bestalde, Ordiziaren sorreraren 750. urteurrena ospatzeko, kontzertu bat emango du, uztailaren 28an, Irun Hiria Musika Bandarekin eta Sainz Alfaro eta Garikoitz González zuzendariekin. Programa askotarikoa izango da, eta sarrera, doakoa.
Abuztuan eta irailean, beste bi jaialdi entzutetsutan egongo da Orfeoia. Abuztuaren 17an, amaiera emango dio Music in the Alps nazioarteko jaialdiari, Austriako Innsbruck hirian. Bertan, Carmina Burana interpretatuko du, jaialdiko orkestrarekin eta Kenneth Kiesler zuzendariarekin. Bestalde, Donostiako 79. Musika Hamabostaldian, bitan hartuko du parte. Alde batetik, abuztuaren 27an, Budapest Festival Orkestrarekin eta Iván Fischer zuzendariarekin, Mahlerri eskainitako programa interpretatuko du; bestetik, irailaren 1ean, jaialdiaren itxieran, Berliozen Réquiem abestuko du, Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Jukka-Pekka Saraste maisuarekin.
Uztailaren 5eko gauean, Carcasonako Jean Deschamps antzokian, 83 musikari eta 80 orfeoilari ez ezik Andreea Soare (sopranoa), Enea Scala (tenorra) eta Adrian Eröd (baritonoa) bakarlariak ere egongo dira, Michele Gamba maisu italiarraren batutapean.
Antzokia Erdi Aroko hiriaren erdialdean kokatuta dago; Gizateriaren Ondare izendatu zuten aire zabaleko antzokia da, eta hiru mila lagunentzako tokia du.
Gaztea da Carcasonako jaialdia, baina hamar edizio eskasekin, erreferente kultural bilakatu da Frantziako hegoaldean. Urtero, uztailean, 120 ikuskizun antolatzen ditu; horietatik 80 doakoak dira, eta 200.000 ikusletik gora biltzen ditu jaialdiak. Opera, antzerkia, dantza, musika klasikoa, musika frantsesa zein nazioartekoa eta musika modernoa dira uda garaiko hitzorduaren osagaiak. Kultur-aniztasunaren eredu paregabea da jaialdia.
Michele Gamba (Milan, 1983) aditua da lied eta ganbera-musikan. Sienako Chigiana Musika Akademian eta Vienan egin zituen orkestra-zuzendari izateko ikasketak, eta 2009. urtetik bereganatu du esperientzia Londresen, Hanburgon eta Berlinen. Pappano eta Barenboim maisuen laguntzaile izan zen. 2016ko otsailean, 33 urterekin, Milango La Scala antzokian debutatu zuen, Verdiren I Due Foscari operarekin. Michele Mariotti zuzendaria ordeztu behar izan zuen, eta horrek aukera eman zion, batez ere, Verdiren munduarekin erabateko kidetasuna zuela erakusteko.