Donostiako Orfeoiak atzo hasi zuen Almerian udarako denboraldia bi kontzertu bikainekin. Lehenengoa 12:30tan hasi zen hiriburuko Maestro Padilla auditorioan eta arratsaldean, 20:30tan, abesbatzak Roquetas de Mar herrian (Almeria) eguneko bigarren kontzertua eskaini zuen. Bi agertokietan Donostiako taldeak Orquesta Ciudad de Almeriaren laguntza izan zuen, Michael Thomasen zuzendaritzapean. Beethovenen 9. Sinfonia izan zen interpretatutako lana, mundu osoan Alaitasunaren Ereserkia bezala ezagutzen dena.
Bi musika taldeekin batera, munduan zehar ibilbide ezagunak dituzten lau bakarlari abestu zuten: Suzana Nadejde (sopranoa); Coco Díaz (contratenorea); Juan de Dios Mateos (tenorea) eta Javier Povedano (baritonoa).
Igandeko bi emanaldi hauek oso zapore berezia izan zuten, izugarri arrakastatsuak izan baitziren. Bi eszenatokiak jendez beteta egon ziren ikuskizunaz gozatzeko. Kontzertuak Cajamarrek antolatu zituen, Almeriako gizartearentzat kultur jarduera asko sustatzen dituen banketxeak. Atzo egoitza aldaketa ospatu nahi izan zuen, hemendik haurrera bulego nagusiak Almeriako Parke Zientifiko-Teknologikoan (PITA) egongo baitira.
Donostiako Orfeoiaren hurrengo emanaldia aste honetan bertan izango da: uztailaren 13an, larunbata, 20.00etan Donostiako Kursaal auditorioan, Beethovenen 9. Sinfonia eta Mozarten Koroatzearen Meza interpretatuko ditu. Koruarekin batera Santa Cecilia Orkestra Klasikoa arituko da eta Kynan Johnsek zuzenduko du.