Donostiako Orfeoia Sevillan arituko da irailaren 19an, osteguna, eta 20an, ostirala. Bi kontzertu hauen bidez, abesbatzak Maestranza antzokian kontzertu sinfonikoen denboraldia irekitzeko ohorea izango du. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta Carl Orff alemaniarrak konposatutako ‘Carmina Burana’ obra enblematikoa interpretatuko da, 1937ko ekainaren 8an Frankfurten estreinatua. Asteazkenetik aurrera, 80 abesbatza-kide Sevillara joango dira entseguekin hasteko gainerako artistekin.

Orfeoia Andaluziako hiriburura itzuliko da hamabost urte eta gero. Sevillako Orkestra Sinfonikoarekin batera duela 25 urte abestu zuen. Donostiako Orfeoiari Palazioetako Escolanía haur-abesbatza, Bryndis Gudjonsdóttir Islandiako sopranoak, Santiago Ballerini italo-argentinar tenorrak eta Milan Perisic serbiar baritonoak lagunduko diote. Zuzendaria Shi Yeon Sung hego-korearra izango da, munduan proiekzio handia duen maisuak. 

Emanaldietarako sarrerak www.rossevilla.es webgunearen bidez eskuratu daitezke. 

Sevillako kontzertuak amaitu ondoren, Donostiako Orfeoiak hilabeteari bukaera bikaina emango dio, irailaren 28an, larunbata, Zaragozara joango baita bertako auditorioan 19:30ean aritzeko. Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, abesbatzak eta Santa Cecilia Orkestra Klasikoak Excelentia fundazioaren denboraldia hasiko dute “Grandes Coros de ópera” kontzertuarekin. 

Bertaratutakoek historiako opera ezagunenak entzuteko aukera izango dute, Verdi, Wagner edo Pucciniren obren bidez. Hona hemen kontzertuaren programa: ‘La Traviata’ (G. Verdi), ‘Igor Printzea’ (A. Borodin), ‘Macbeth’ (G. Verdi), ‘Tristan eta Isolda’ (R. Wagner), ‘Madame Butterfly’ (G. Puccini), ‘Carmen’ (G. Bizet), ‘1812ko Obertura’ (P.I. Tchaikovski), ‘Lohengrin’ (R. Wagner), ‘Jainkoen ilunabarra’ (R. Wagner), ‘Fausto’ (C. Gounod), ‘Cavalleria Rusticana’ (P. Mascagni), ‘Aida’ (G. Verdi). 

Sarrerak www.auditoriozaragoza.com webgunearen bidez eskuratu daitezke.