Hurrengo ostegunean, martxoaren 20a, 19:00etan, Donostiako Orfeoiak Valentziako katedralean ongintzazko kontzertu bat eskainiko du, José Antonio Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Gainera, Juan de la Rubia, Bartzelonako La Sagrada Familiaren organistak, parte hartuko du. Webber, Mozart, Rachmaninov, Mendelssohn, Mahler edo Faureren obrak osatuko dute programa, eta Valentziako Ereserki Erregionalarekin amaituko da.
Ekitaldi honek helburu solidarioa du: dirua biltzea Paiportako Unió Musical eta herriko Banda Primitivarentzat, gazte eta helduen formakuntza musikalean eta Valentziako tradizioaren zaintzan funtsezkoak diren erakundeak. Instalazioek eta materialek kalte larriak jasan zituzten DANAren ondoren, eta kontzertu honekin, Columbus Fundazioak bultzatua, musika eta itxaropena itzuli nahi zaizkie.
22 urte igaro dira Donostiako Orfeoia Valentziara azken aldiz joan zenetik, eta emanaldi honi esker itzulera ezin hobea izango da. Halaber, abesbatzak Valentziarekin duen lotura solidarioa urrunetik dator. 1983an, uholde larri batzuen ondoren, abesbatzak kontzertu bat eskaini zuen kaltetuen alde.
Kontzertua Alacanten
Valentziako emanaldiaren ondoren, abesbatza Alacantera joango da eta bertan martxoaren 22an, larunbata, 20:00etan abestuko du. ADDA Auditorioak oroitzapen atseginak gordetzen ditu Orfeoiarentzat, koralak bi urte baitaramatza bere orkestrarekin elkarlan estuan, 2023an eta 2024an Estatuko hirietan zehar kontzertuak eskainiz.
ADDA Simfònica Orkestrarekin, Josep Vicent zuzendariarekin eta Silvia Tro mezzosopranoarekin batera, ‘Sinfonía Nº7’ (Beethoven) eta ‘Alexander Nevsky’ (S. Prokofiev) obrak interpretatuko dira.