Mozarten eta Verdiren Requiem mezak interpretatuko dituzte orfeoilariek ekainean emango dituzten bederatzi kontzertuetan. Tugan Sokhiev, Robert Treviño eta Sainz Alfaro maisuek zuzenduko dituzte programak Madrilen, Toulousen, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Zaragozan. Orkestrei dagokienez, Andrés Segovia Ganbera Orkestrak, Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Aragoiko Erreinuko Orkestrak partekatuko dute agertokia abesbatzarekin.

Orfeoiak eta Andrés Segovia Ganbera Orkestrak, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Mozarten Koroatze-meza eta Requiema eskainiko dituzte ekainaren 2an, Auditorium Nazionalean, A+música zikloaren barruan. Paloma Friedhoff sopranoa, Pilar Belaval kontraltoa, Manuel Rodríguez tenorea eta Pablo Ruiz baritonoa arituko dira bakarlari.

Ekainaren 8an eta 9an, bi kontzertu emango dituzte Toulouseko Halle aux Grains aretoan, Kapitolioko Orkestra Nazionalaren denboraldian. Tugan Sokhiev zuzendari titularrarekin, Verdiren Requiema interpretatuko dute, eta bakarlariak Erika Grimaldi (sopranoa), Anna Kiknadze (mezzosopranoa), Saimir Pirgu (tenorea) eta Vitalij Kowaljow (baxua) izango dira. Kontzertu horietako lehena, gainera, Classique irratian emango dute zuzenean, eta bigarrena, Medici.tv katean zuzenean, eta Classique irratian, ondoren.

Obra hori bera interpretatuko dute Robert Treviñok zuzenduta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Donostiako Kursaalean (ekainak 14 eta 15), Gasteizko Principal antzokian (ekainak 18), Iruñeko Baluarte auditoriumean (ekainak 19) eta Bilboko Euskaldunan (ekainak 20). Kontzertu horiekin amaituko du EOSek abonamendu-denboraldia. Kontzertu horietan hauek izango dira bakarlariak: Amanda Pabyan sopranoa, Susanne Resmark mezzosopranoa, Aquiles Machado tenorea eta Rafal Siwek baxua.

Azkenik, Zaragozako Auditoriumeko Udaberriko Kontzertu Handien XXIV. Denboraldia zikloa amaitzeko, ekainaren 23an, Orfeoiak Verdiren Requiema interpretatuko du Aragoiko Erreinuko Orkestrarekin, Sainz Alfaroren zuzendaritzapean. Carmen Solís (sopranoa), Ana Ibarra (mezzosopranoa), Sergio Escobar (tenorrea) eta David Menéndez (baxua) arituko dira bakarlari.