Guadalupe Díaz García irakasleak eta Argibel Euba Ugarte ikertzaileak jasoko dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria, aurtengoan hamazazpigarren edizioa bete eta helburu bikoitzaz sortu zelarik: batetik, sormen musikalean egindako ibilbide profesionala aintzatetsi eta, bestetik, ikerkuntza musikala sustatzea.
Orfeoia eta UPV/EHU erakunde bien artean sinatutako hitzarmenaren jarraipen batzordeak osatutako epaimahaiak erabaki du saria Guadalupe Díaz irakasleari, irakaskuntza musikalean izandako ibilbide eta egindako lan nabarmenarengatik, eta Argibel Euba ikertzaileari ematea, ‘Txalaparta: musika praktika baten azterketa’ izeneko doktorego tesiarengatik.
Sariak emateko ekitaldia apirilaren 13an egingo da, ostiralaz, 19:00etan hasita, UPV/EHUren Donostiako Ignacio María Barriola eraikineko auditorioan. Ekitaldi akademiko honetan zehar, José María Echarri Donostiako Orfeoiko presidenteak eta Agustín Erkizia UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak hartuko dute parte. Amaieran, Donostiako Orfeoiak emanaldi irekia eskainiko du bere errepertorio ohikoaren kantak interpretatuz.
Guadalupe Díaz García irakasleak (San Martín de Trevejo, Cáceres, 1937) Kodály metodoa ikasi eta umeen prestakuntza musikalean aplikatu zuen. San Ignacio eskolaniaren sortzailea izan zen. Orfeoiko haur kanturako eskola jarri zuen martxan bost eta zortzi urte bitarteko umeentzat, oinarrizko prestakuntza musikala eskaini eta, gerora, Orfeoi Txikiko kide izan zitezen. Ikasgela haietako ikasle asko eta asko, Orfeoi Txikiko eta Orfeoiko bereko kide izan dira. Ekimen honetan jardun zen 1992.ean sortu zenetik erretiroa hartu zuen arte, 2000.ean.
Argibel Euba Ugarte ikertzaileak (Galdakao, 1979) doktore titulua jaso zuen (UPV/EHU 2017) txalapartaren espezifikotasun kultural eta historikoa jorratzen duen lanarekin, musika tresna honek Donostiako hiriarekin eta bertako erakundeekin 1960ko hamarkadan euskal kulturaren errenaisantzan izandako harreman estua azaleratuz. Musikologiako ikasketa aurreratuei buruzko diploma (UPV/EHU 2006) du. Etnomusikologiako masterra du (Goldsmiths-University of London 2004) eta Artearen Historiako (UPV/EHU 2003) eta Gizarte eta Kultur Antropologiako lizentziaturak (UPV/EHU 2001). 2016an argitara eman zuen unibertsitate honetan bertan “BASKER: 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak” izeneko ikerlana.