José Luis Loidik, Lourdes Yarzak eta Raúl del Toro Solak eskuratu dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Hemezortzigarren ediziora iritsi da aurten bi helbururekin sortutako saria: musika munduko ibilbidea aitortzea eta musika ikerketa bultzatzea.

Donostiako Orfeoiak eta UPV/EHUk sinatutako hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak osatutako epaimahaiak erabaki du saria José Luis Loidiri eta Lourdes Yarzari ematea, musika tresnen “Ikusteko musika” bilduma sortzeagatik eta horri zabalpena emateagatik, eta musika ikerketaren saria, berriz, Raúl del Toro Solari ematea, La obra para órgano del padre José Antonio de Donostia (1886-1956) doktorego tesiagatik.

Sari horiek apirilaren 5ean emango dira, ostirala, 19:00etan, UPV/EHUko Ignacio María Barriola Zentroko auditoriumean, Donostian, ekitaldi akademiko batean. Bertan izango dira Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia. Ekitaldiaren amaieran, Donostiako Orfeoiak publikoari irekitako emanaldia eskainiko du, aurten zarzuela zatiak izango dituena ardatz.

José Luis Loidi (Irun, 1946) eta Lourdes Yarza (Hondarribia, 1961) azokak, zaharki dendak, feriak eta, azken urteotan, Internet arakatzen ibili dira 1980ko hamarkadatik aurrera, eta, horrela, bost kontinenteetako 175 herrialdetako 4.200 musika tresna tradizional, herrikoi, etniko edo erritual baino gehiago biltzen dituen bilduma osatu dute. “Ikusteko musika” izena jarri diote bilduma horri. Pieza berdingabe horiek –artisautzakoak guztiak, eta asko interpretatzaileek beraiek eginak– dokumentatu eta sailkatu egin dituzte, eta Espainiako eta Frantziako zenbait hiritan egindako 121 erakusketetan jarri dituzte ikusgai. Erakusketa horietako batzuk ikuspegi orokorretik antolatu dituzte, instrumentu familien eta azpifamilien araberako ikuspegi didaktikoarekin; beste batzuk, berriz, monografikoki edo herrialdeen, egindako materialen, erabilgarritasunaren, eremu geografikoen, eta abarren arabera. Besteak beste, honako erakusketa hauek egin dituzte: Erabilera tradizionaleko kanpaiak, Saharaz hegoaldeko soinu objektuak eta musika tresnak, Larru soinudunak, Dieta Mediterraneoaren soinuak, Munduko panderoak, Laute tradizionalak. Benetako harribitxiak ditu bildumak, museoek nahi lituzketenak; aniztasun ikaragarria lortu du, eta herri instrumentuen irudiak dituzten mila zigiluko bilduma filateliko batekin osatzen da. Senar-emazteek webgune honen bidez zabaldu dute haien zaletasuna: www.musicaparaver.org

Raúl del Toro Sola (Zangoza, Nafarroa, 1973) organista da. Iruñean, Bartzelonan (Montserrat Torrent) eta Amsterdamen (Jacques van Oortmerssen) egin ditu ikasketak. Salamancako Musika Kontserbatorio Profesionaleko irakaslea eta hiri horretako Unibertsitateko organista titularra izan da. 2005az geroztik, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko organo irakasle titularra da, eta instrumentu horren katedra ere irakatsi du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Organoko Nazioarteko Ikastaroaren irakasle gonbidatua izan da Kantabriako Unibertsitateko Udako Ikastaroetan. Kontzertista gisa, toki askotan aritu da Europa, Amerika eta Asian. “La obra para órgano del padre José Antonio de Donostia (1886-1956)” tesiarekin, doktore gradua lortu zuen 2017an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

“P. Donostia, Aita Donostia edo P. José Antonio de San Sebastián –hala sinatzen zuen gaztaroan– musikariaren organorako obra ez da autore honen ekoizpenaren zatirik ezagunena”, adierazi du Raúl del Torok. Lan honetan, egileak estilo musikala testuinguruan kokatu, eta haren azterketa orokorra egin du, iturri autografoak eta inprimatuak aztertu ditu, argitaragabe zeuden zenbait konposizio aurkeztu ditu eta Itinerarium Mysticum zikloaren edizio kritikoa eskaini du, iturrietako aldagai garrantzitsuenak interpretatzaileen eta ikertzaileen esku jarrita. Aita Donostiaren egunkaritik eta gutunetatik ateratako informazioarekin osatzen da tesia, zeinak autore horrek organoarekin eta bere musikarekin izandako loturari buruzko ezagutza handitzeko aukera ematen duen.