Atzo, otsailak 26, prentsaurreko bat eskaini genuen gure egoitzan eta bertan 2024. urtearen laburpena egin genuen eta 2025erako ditugun kontzertuak aurkeztu genituen.

Hizlariak Antxon Elósegui, Donostiako Orfeoiaren lehendakaria, José Antonio Sainz Alfaro, zuzendaria, José Luis Aramburu, lehendakariordea, eta Germán Ormazabal, Zuzendaritza Batzordeko kidea, izan ziren.

Oraingoz, Donostiako Orfeoiak 27 emanaldi ditu programatuta, zazpi Frantzian eta hogei estatu-mailan. Estreinakoz kantatuko dituen lanetatik hasi eta errepertorioko lanetaraino, Orfeoiak hamaika orkestrarekin eta estatuko zein nazioarteko hamabi zuzendariren zuzendaritzapean abestuko du, organista eta piano-jotzaile laguntzaileez gain. Kontzertu batzuk ezin ditugu iragarri, datozen egunetan aurkeztuko baitira, eta oraindik zenbait proiektu ixteko daude. Hori dela eta, abesbatzaren agenda handitzen joango da urtean zehar.

2025ean, zazpi emanaldi eskainiko ditugu Frantzian. Orfeoiak Parisen, Montpellierren, Rocamadourren, Donibane Lohizunen eta Toulousen abestuko du. Horietako hirutan, abesbatza Toulouseko Kapitolioko Tarmo Peltokoskirekin eta haren orkestrarekin batera arituko da berriro ere, joan den urtarrilean Toulousen estreinakoz elkartu ondoren; uztailaren 10ean Radio France Montpellier jaialdian eta irailean Donibane Lohizuneko Ravel jaialdian ere izango da. Estatu-mailan, Orfeoiak Madril, Bilbo, Valentzia, Iruñea eta Alacant bisitatuko ditu, eta berriro Musika Hamabostaldian parte hartuko du.

Orfeoiak bost kontzertu solidario eskainiko ditu. Martxoan Valentziara joango da kontzertu bat eskaintzera kaltetuen alde DANAren ostean, eta beste kontzertu solidario batzuetan ere parte hartuko du, hala nola otsailean Gipuzkoako Caritasen alde eta irailean Columbus fundazioaren alde; RenHacer jaialdian, hiru kontzertu emango ditu.