Donostiako Orfeoiak Kursaal auditorioan abestuko du apirilaren 26an, larunbata, 20:00etan. Koralak ‘África, el abrazo entre los pueblos’ interpretatuko du. Donato Goyenechek konposatutako lan honetan, Afrikako musika tradizioa eta amerikar musika uztartzen dira. Kontzertuak estilo ugari eskainiko ditu, afrikar kantu etnikoetatik blues, swing eta funkera.
Sainz Aflarok zuzenduko du emanaldia, eta Marife Nogales (mezzosopranoa), Jagoba Fadrique (baritonoa), Borja Rubiños (pianoa), Iker Tellería (perkusioa) eta Bibiche Sambou (perkusioa) ere arituko dira bertan.
1996an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian estreinatu zenetik, obrak ibilbide luzea izan du, erakunde publikoekin eta GKEekin elkarlanean. Lanak afrikar kontinenteko aberastasun kulturala jorratzen du, baita munduan utzitako ondarea ere. Sorkuntza honek Afrikako soinu-tradizioak osatzen dituzten erritmoen, harmonien eta poesiaren aniztasuna nabarmentzen du.
Musikagileak Hegosaharako muga geografikoak gainditzen ditu, mendeetan zehar Afrikako musika-tradizioak Amerikako kulturekin nola uztartu diren aztertzeko, amerikar musika-adierazpenetan eragin sakona izanik.
Lanak nazioarteko proiekzioa izan du. 2004an New Yorken aurkeztu zen eta urtebete geroago, 2005ean, Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestrak obra interpretatu zuten Kursaalean, orkestra-bertsioan.