Larunbatean 20:30ean Santiago kalean kontzertu oso berezi bat izango dugu. Hondarribiko Hiria Musika Banda eta Donostiko Orfeoia elkartuko dira, lehenaren 200. Urteurrena dela eta.

 

Aurkezpena gaur goizean burutu da Santiago kalean bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, José Antonio Sáinz Alfaro Orfeoiko zuzendari artistikoa, eta Alazne Alberdi, Bandako zuzendaria. Orfeoian abesten duten zenbait hondarribiar ere bertan izan dira.

 

Txomin Sagarzazu Alkateak esan duenez, “Hondarribiarentzat oso aukera bikaina da lehen mailako kontzertu batetaz gozatu ahal izateko. Kalean bertan, eta Bandaren 200 urteak behar moduan ospatzeko. Gonbidatu nahiko  nituzke, bai herritarrak baita gure artean dauden guztiak, pena mereziko du eta. Kultura aldetik Hondarribian uztailak daukan eskaintza balioan jarri nahiko nuke, kontzertu hau, Euskal Herriko Gazte Orkestra, Itziar Mendizabalen nazioarteko gala, Eskifaiaren kontzertua… Kontutan hartu eta behar moduan baloratzeko modukoa dela uste dut”.

 

Musika Bandako zuzendaria den Alazne Alberdik eskerrak eman dizkio “Udalari emandako laguntza guztiagatik. Baita Orfeoiari ere, guretzat ohore handia da gure urteurrenean elkarrekin aritzeko aukera izateagatik. Gogo handiak dauzkagu kontzerturako. Herri kantak, zarzuela eta bertako zenbait abesti eskainiko ditugu. Oso kontzertu polita izango delakoan nago”.

 

José Antonio Sáinz Alfaro Orfeoiko zuzendari artistikoak gehitu duenez, “guretzat ere ohorea da Hondarribiko Bandak gurekin kontatu nahi izatea. 200 urte betetzea ez da makala, profesionala ez den jendea duzunean. Musika bandek egiten duten lana oso garrantzitsua da eta denon artean lan ederra egingo dugula ziur nago. Guretzat Hondarribira etortzea aukera polita da, gure abeslarien zati eder bat bailara hontakoa baita”.