Orfeoiak ikasturte berri bat du aurrean, bere egoitzan egiten dituen irakaskuntza-jarduerei dagokienez: Antxon Ayestarán Musika Tailerra, Orfeoi Txikia, Orfeoi Gaztea, Biolin-ikasgela eta Biolontxelo-ikasgela. Erabiltzen den metodologia ezagutarazteko eta ikasleek Orfeoian ikasturtean zehar ikasten dutena gertutik ikusteko, irailaren 10ean eta 11n ateak zabalduko dira, 17:30etik 19:00ak arte. Matrikulak Orfeoiaren egoitzan egin ahal izango dira, San Juan kaleko 6 zenbakian.
Antxon Ayestarán Musika Tailerrak kemen handiz eta xede berri batekin ekingo dio ikasturteari: ikasleek musikaren superbotereak ezagut ditzatela, «soinuak jolasekin, abestiekin eta dantzekin nahastuta». Tailerra 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta hotsen mundua era praktikoan ezagutaraztea da asmoa, ikasleak hainbeste aspertzen dituen solfeoa ikasi behar izan gabe. Hemen, soinuen bidez deskubritu, jolastu, irudimena landu eta sentitzen dute eta geroago musikan alfabetatzeko prestatzen dira. Musikako pedagogia modernoaren orientazio metodologikoetan aditu den irakasle talde bat arduratzen da haurrak musikaren arloan sentsibilizatu eta hezteko zeregin horretaz. Musika era ludikoan ikasten duen haur batek, seguruenik, musika aintzat hartzeko sentsibilitate berezia izango du hazten denean. Oso emaitza onak ematen dituen «Instrumentarium Baschet» tresna erabiltzen da helburu hori lortzeko: Baschet anaia frantsesek txikienak hezteko sortutako 14 soinu-egitura dira. Tailerrean, ikasleek, eskolaz kanpoko ordutegian, entzumenaren, erritmoaren eta musika-kodeen hastapenaren inguruko prestakuntza jasotzeaz gain, musika-tresnak eraikitzeko tailerrean eta beraien adinera egokitutako musika-entzunaldietan parte hartzen dute.
Haurren abesbatza –Orfeoi Txikia– eta gazteena –Orfeoi Gaztea– gazteen artean musika korala sustatzeko eta Orfeoiko ahotsen jarraipena ziurtatzeko jaio ziren. Jasotzen duten prestakuntzari esker, urtero «etxeko zigilua» duten kide berriak sartzen dira Orfeoian. Bi abesbatzetan, neska-mutilek ahots-teknika, arnasketa, lengoaia musikala, intonazioa... ikasten dituzte. Irakaskuntza teoriko eta praktiko horrekin batera, errepertorio koral eta sinfoniko-koral zabal bat abesteko aukera ematen zaie. Orfeoiaren egoitzan bertan ikasten dute, ikasturte akademikoan, eskolaz kanpoko ordutegietan. Bai Orfeoi Txikiak bai Gazteak emanaldi propioak egiten dituzte, eta, batzuetan, Orfeoiko ahotsekin bat egiten dute, ahots zuriak eskatzen dituzten programetan edo Donostiarekin hartutako konpromiso historikoetan.
Hasieratik, 8 eta 14 urte bitarteko ehunka haur igarotzen dira Orfeoi Txikiaren ikasgeletatik, astean bi aldiz, etorkizunean kantari izateko musika-heziketa jasotzeko.
Orfeoi Gaztea 14 eta 18 urte bitarteko ahots gazteez osatzen da. Hor, beren prestakuntza musikal eta koralarekin jarrai dezakete, harik eta Donostiako Orfeoira iritsi arte.
Bi abesbatzetako ikasle berriek ahots-proba txiki bat gainditu beharko dute. Proba hori irailaren 10ean eta 11n egingo da.
Biolin-ikasgela sei urtetik aurrerako edozein pertsonarentzako da. Heziketa pertsonalizatuarekin, musika-tresna hori jotzen erakusten da, oinarrizko mailatik goi-mailara.
Horrez gain, Biolontxelo-ikasgelan, tresna hori jotzen erakusten da, sei urtetik aurrera, ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako eskola pertsonalizatuetan, hiru mailatan banatuta: oinarrizkoa, ertaina eta aurreratua.