Orfeoiak bi kontzertu emango ditu hirian otsailean. Lehena, hilaren 9an izango da (ostirala), Victoria Eugenia antzokian, Udal Txistulari Bandarekin batera, non Donostiako abesti ezagunak edo autore donostiarrek konposatutakoak eskainiko dituzten. Bestea, hilaren 23an, eta Cáritasen aldeko kontzertu solidarioa eskainiko du, Kursaalean, Musikeneko Orkestrarekin batera; kontzertu horren egitarauan, Mozarten Requiema dago jasota.
Heldu den ostiraleko kontzertua, Donostiako Kantak izenburukoa, IV. Donostia Musika Zikloaren barruan eskainiko dute, jai-giro betean, inauteriak ospatuko baitira egun horietan. Kontzertuari hasiera emango diote Txistulari Bandak interpretatuko dituen bi konposizioren bidez, Jose Ignacio Ansorenak zuzenduta; ondoren, abesbatzak Txistulari Bandarekin bat eginda, honako lan hauek aurkeztuko dituzte: Jose Luis Ansorenaren Agurra, Sara Ceballos dantzariarekin batera; Jose Olaizolaren Gure Donosti; Gabriel Olaizolaren Haurtxoa sehaskan, Julia Blasco Orfeoiko bakarlariarekin; Pablo Sorozabalen Ay, tierra vasca eta Don Manolito; Ricardo Sabadieren Agur txoko maitia, Javier Puente Orfeoiko tenorra bakarlari dela; Pedro Ugalderen Parte Vieja donostiarra habanera; Sarriegiren Beti Maite eta Petra Sardin Saltzailea (lan honetan Nora Goyalde orfeoilaria arituko da bakarlari); Jose Ignacio Ansorenaren Txirrista Txingo (Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen errepertorioan dago) eta Norberto Luzuriagaren Coro de bebés para el Carnaval. Bebés de la Bulla fanfarreak ere parte hartuko du azken horretan.
Hilaren 23an, abesbatzak eta Musikeneko Orkestra Sinfonikoak Mozarten Requiema interpretatuko dute, Rumon Gamba maisu britainiarraren zuzendaritzapean. Hamar urte beteko ditu Ayete Ikastetxe Nagusiak antolatzen duen Gazteen Kontzertu Solidarioak. Cáritaserako izango dira kontzertuko etekinak. Honako hauek izango dira bakarlariak: Jone Martínez sopranoa, Marifé Nogales mezzosopranoa, Gonzalo Manglano tenorra eta Celestino Varela baritonoa.