Urrian, bost kontzertu eskainiko ditu Orfeoiak, eta guztiak Sainz Alfaroren zuzendaritzapean: bi, Bilbon; bat, Legazpin, beste bat, Zaragozan, eta azkena, solidarioa, Donostian.
Urriaren 6an, Abandon Kantari ekitaldian, Bilboko Abando auzoko San Bizente Martiriaren elizan egongo da abesbatza, eta, Gerardo Rifón organistaren laguntzarekin, zenbait pieza erlijioso abestuko ditu. Kontzertua 20:00etan izango da.
Legazpiko Bandaren 150. urteurrena ospatzeko, urriaren 7an, 19:30ean, herriko kiroldegian, Legazpiko Banda bera eta Orfeoia elkartuko dira, eta euskal kanta herrikoiak, opera-zatiak eta Orffen Carmina Buranaren zatiak interpretatuko dituzte.
Beste ospakizun batean ere egongo da Orfeoia, hain zuzen, Bilboko Guggenheim Museoaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldietako batean. Urriaren 18an, 20:30ean, Patxi Aizpirik pianoa joko du, eta orfeoilariek euskal kanta herrikoiak eta opera-zatiak interpretatuko dituzte.
Urriaren 21ean Zaragozan eskainiko den kontzertuarekin ekingo zaio Aragoiko hiriburuko Auditoriumak antolatzen dituen udazkeneko kontzertuen denboraldiari. Mozart aretoan –1.992 lagunentzako tokia du–, Goya Orkestra Sinfonikoarekin batera, zeina Auditorumeko egoiliarra den, Borodinen Polovtsien dantzak eta Carl Orffen Carmina Burana interpretatuko ditu. Programa 20:00etan hasiko da, N. Rimski-Korsakoven Kapritxo espainiarrarekin. Pieza hori orkestrak bakarrik interpretatuko du, Juan Luis Martínezen zuzendaritzapean.