Urtarrilean, hiru kontzertu emango ditu Orfeoiak: bi Madrilgo Auditorium Nazionalean eta beste bat Lazkaon. Sainz Alfarok zuzenduko ditu guztiak.
Urtarrilaren 10ean eta 11n, abesbatzak eta Santa Cecilia Orkestra Klasikoak bi kontzertu emango dituzte, Auditorium Nazionalean. Mutua Madrileña Fundazioarentzako kontzertu horien programan, lehen zatian, zarzuela-zatiak, euskal obrak eta nazioarteko pop abestiak sartuko dira; bigarren zatian, aldiz, Carmina Burana eta Carmen, Madame Butterfly, La Traviata, Nabucco, Tannhäuser eta Fausto operen zatiak interpretatuko dira. Agortu egin dira urte hasierako kontzertu hauetarako sarrerak. Biltzen den dirua lau GKEri emango zaie.
Madrilgo Santa Cecilia Orkestra Klasikoa Espainia eta Europako orkestrekin jo izan duten eta esperientzia handia duten irakasleek osatzen dute. 2002an sortu zen, eta gaur egun, orkestra egonkorra da. Denboraldi propioa du Madrilgo Musika Auditorium Nazionalean, eta Plácido Domingo Auditoriumean du egoitza. 15 urteotan, orkestra erreferente bihurtu da, erabiltzen duen autokudeaketa-sistemari esker. Plantilla malgua du, zeina une oro egokitzen den errepertoriora. Gainera, beti ditu zuzendari gonbidatuak. 2016/2017ko denboraldian, guztira, 90 kontzertu eman zituen; besteak beste, Madrilgo Auditorium Nazionalean, Bartzelonako Auditoriumean, Zaragozako Auditoriumean, Valentziako Musikaren Jauregian eta Madrilgo Errege Antzokian.
Urtarrilaren 27an, Pedro José Rodríguez piano-jotzailearen laguntzarekin, euskal konpositoreen zenbait obra interpretatuko ditu Orfeoiak, Lazkaoko Areria Aretoan. Orfeoiak Gipuzkoako udalerri horretan kontzertua ematen duen lehen aldia izango da. Sarrerak Lazkaoko udaletxean daude salgai.