Urriaren 31ra arte zabalik egongo da Donostiako Orfeoia Fundazioak eta UPV/EHUk deitutako XXIII. Sarirako lanak eta hautagaitzak aurkezteko epea. Saria musika-ikerketa sustatzeko eta musika-munduan nabarmendu diren pertsona ospetsuen edo erakundeen lana jendaurrean aitortzeko sortu zen. Bai ikerketa-azterlanak bai aintzatespen publikorako pertsona ospetsuen edo erakundeen curriculumak euskal kulturaren edozein hizkuntzatan aurkeztu ahal izango dira: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Deialdian parte hartu ahal izango du ikerketa-lan bat aurkezten duen edonork, unibertsitateko jardueraren ikuspegi akademikoetatik begiratuta. Lanak paperean, bi aletan eta formatu elektronikoan aurkeztuko dira, Donostiako Orfeoiaren egoitzan eta/edo UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan, bi erakunde deitzaileen webguneetatik deskarga daitekeen lanaren aurkezpen-fitxarekin edo bi egoitzetan pertsonalki eska daitekeenarekin batera.
Musikaren munduan nabarmendu diren pertsona ospetsuen edo erakundeen lanaren eta ibilbidearen aintzatespen publikoari dagokionez, erakunde sustatzaileek Orfeoiaren eta EHUren bi egoitzetako edozeinetan aurkeztu beharko dituzte curriculumak.