Donostiako Orfeoiaren uda-denboraldia hastear dago. Uztaila, abuztua eta iraila emanaldiz beteta egongo dira, eta abesbatzak kontzertuak eskainiko ditu Espainiako hainbat tokitan. 
 
Uztailaren 7an hasiko da udarako denboraldia Almerian. Maestro Padilla auditoriumean, eguerdiko 12:30etan, abesbatzaren emanaldia ospatuko da. Ondoren, arratsaldeko 20:30etan, Orfeoiko abeslariak Roquetas de Mar herrira joango dira. Bi hitzorduetan Donostiako Orfeoiak "Beethovenen 9. sinfonia" interpretatuko du, Almeria Hiriko Orkestraren babesarekin. Zuzendaritzaz Michael Thomas arduratuko da eta bakarlariak honako hauek izango dira: Suzana Nadejde sopranoa, Coco Díaz mezzosopranoa, Juan de Dios Mateos tenorea eta Javier Povedano baritonoa. Kontzertu hauek Cajamarrek antolatu ditu eta sarrerak eskuratzeko gonbidapena beharko da. 
 
Uztailaren 13an Donostiako Kursaal auditorioan bi obra ikoniko antzeztuko dira: Mozarten "Koroatzearen Meza" eta Beethovenen "9. Sinfonia". Abesbatza Santa Zezilia Orkestra Klasikoarekin batera eta Fuad Ibrahimov-en zuzendaritzapean arituko da. Kontzertuen antolakuntzaz Excelentia Musica arduratu da eta sarrerak salgai daude www.kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan. 
 
Uztaileko azkeneko emanaldiak 22 eta 23an izango dira, Hondarribian (Arma Plaza) eta Arantzazu Santutegian, hurrenez hurren. Kontzertuak Urmugaren Urtanta jaialdiaren barruan egingo dira. Azpimarratzekoa da Nestor Basterretxea margolari eta eskultoreari omenaldia egingo zaiola, bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Orfeoiak programa bera interpretatuko du bi herrietan, Et Incarnatus orkestrarekin batera eta Miguel Zeberioren zuzendaritzapean. Hondarribiko kontzertua doakoa izango da eta Arantzazukoa, berriz, ordainpekoa. 
 
Abuztuan, Musika Hamabostaldian, Orfeoia Kursaalera itzuliko da. Hileko lehen emanaldia 18an ospatuko da, Budapest Festival Orchestraren babesarekin eta Ivan Fischerren zuzendaritzarekin. Orkestrarako 38. Sinfonia "Praga" (Mozart) eta austriar musikariak sortutako "Requiem" konposizioak entzungo dira.  Abuztuaren 23an izango da bigarren eguna, Beethovenen "Missa Solemnis” obraren interpretazioarekin. Abesbatzari Euskadiko Orkestrak lagunduko dio eta Jérémie Rhorer frantziarrak zuzenduko du. Sarrerak salgai daude jada Musika Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko leihatilan. 
 
Iraileko emanaldiak Sevillan (19an eta 20an) eta Zaragozan (28an) ospatuko dira. Andaluziako hiriburuan, Teatro de la Maestranza antzokian, "Carmina Burana" (C.Orff) lana antzeztuko da. Horrekin, Sevillako Orkestra Sinfonikoaren denboraldi berriari hasiera emango zaio. Marc Soustrot izango da zuzendaria. 
Zaragozako auditorioak amaiera emango die iraileko kontzertuei hilaren 28an. Santa Zezilia Orkestra Klasikoarekin batera eta Sainz Alfaroren zuzendaritzapean, Donostiako Orfeoiak opera-koru ezberdinak interpretatuko ditu. Kontzertu hau Excelentia musika antolatu du eta sarrerak salgai daude auditorioaren webgunean eta leihatiletan.

Hauek dira Donostiako Orfeoiak udaran eskainiko dituen hamar emanaldiak:

  • Uztailak 7 – Almería

  • Uztailak 7 – Roquetas de Mar

  • Uztailak 13 – Donostia (Kursaal)

  • Uztailak 22 – Hondarribia (Urmugaren Urtanta festibala)

  • Uztailak 23 – Arantzazu Santutegia (Urmugaren Urtanta festibala)

  • Abuztuak 18 – Kursaal (Musika Hamabostaldia)

  • Abuztuak 23 – Kursaal (Musika Hamabostaldia)

  • Irailak 19 – Sevilla

  • Irailak 20 – Sevilla

  • Irailak 28 – Zaragoza