Donostiako Orfeoiak Kursaal auditorioan abestuko du abuztuaren 18an, igandea, eta abuztuaren 23an, ostirala. Bi kontzertuak Musika Hamabostaldian izango dira.

Abuztuaren 18an, abesbatza agertokira igoko da 20:00etan, Budapest Festival Orchestraren laguntzarekin. Ivan Fischer maisuaren zuzendaritzapean, Wolfgang Amadeus Mozarten bi obra interpretatuko dira: Sinfonia nº38 KV 504 “Praga”, orkestra bakarrik, (26’) eta Réquiem KV 626 (48`). Bakarlariak honako hauek izango dira: Anna Lena Elbert (sopranoa), Olivia Vermeulen (kontraltoa) eta Hanno Müller-Brachmann (baxua).

Fischerrek Donostiako Orfeoia zuzendu zuen azken aldia 2018ko abuztuan izan zen, agertoki berean, Kursaalean, eta baita Musika Hamabostaldian ere. Emanaldi horretan, abesbatzak Mozart eta Mahleren lanak interpretatu zituen eta, aurten bezala, Budapest Festival Orchestraren lankidetza izan zuen.

Bigarren emanaldia, abuztuaren 23an, 20:00etan izango da. Kursaal auditorioak Donostiako Orfeoiaren eta Euskadiko Orkestraren arteko elkarlana jasoko du, Beethovenen Missa Solemnis op.123 piezaren interpretazioarekin. Jérémie Rhorer zuzendariak eramango du gidaritza eta bakarlariak hauek izango dira: Chen Reiss (sopranoa), Victoria Karkacheva (mezzosopranoa), Maximilian Schmitt (tenorra) eta Hanno Müller-Brachmann (baxua).

Bi kontzertuetarako sarrerak Kursaal.eus webgunean eskura daitezke.