Koldo Ríos Álvaro Doktoreak eta Donostiako ‘Francisco Escudero’ Musika Kontserbatorio Profesionalak eskuratu dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU saria. Hogeigarren ediziora iritsi da aurten bi helbururekin sortutako saria: musika munduko ibilbidea aitortzea eta musika ikerketa bultzatzea.

 

‘Francisco Escudero’ Musika Kontserbatorio Profesionalak saria jasoko du bere ibilbide musikal formakuntzan luzeagatik, eta ikerketaren saria, berriz, Koldo Ríos Álvarok jasoko du, ‘Iconografía musical en el País Vasco hasta 1600: Catalogación y estudio’ lanagatik.

 

Sari horiek maiatzaren 27n emango dira, osteguna, 12:00etan, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko auditoriumean, Donostian, ekitaldi akademiko batean. Bertan izango dira Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia. Ekitaldiaren amaieran, Ekitaldia bukatzean, Donostiako Orfeoiak bere errepertorio tradizionaleko lanak joko ditu emanaldi labur batean.

 

Gaur egungo osasun egoera dela eta, ekitaldia ez da irekia izango.

 

Francisco Escudero’ Musika Kontserbatorio Profesionala

 

Fermín Barech (1840-1891) biolin jotzaile donostiarrari esker sortu zen Donostiako Udal Musika Akademia, gaur egun Francisco Escudero Kontserbatorioa deitzen dena. Fermín Barechek François-Joseph Fétis (1784-1871) irakasle bikain eta jakintsuaren zuzendaritzapean ikasi zuen konposizioa; biolina, berriz, Hubert Léonard-en eskutik (1819-1890) ikasi zuen, Bruselako kontserbatorioan. Bruselako Errege Antzokian, nabarmendu egin zen lehen biolin gisa, eta Richard Wagner-en zuzendaritzapean ere jo zuen. Jaioterrira itzuli zenean, bertatik bertara bizi izan zituen musikako giroa eta irakaskuntza, eta musikako akademia publiko bat ezarri nahi izan zuen Donostian. Hiriko profesionalei prestakuntza ematea zuen helburu, Donostiak behar zituen musika taldeak hornitzeko.

 

1866an, Fermín Barechek Musika Akademia bat sortzea proposatu zion Udalari. Hainbat saialditik lehena izan zen hura, 1869an eta 1874an berriro mahairatu baitzuen gai hori. 1877an, zapuztu egin ziren bere ilusioak, Udalak Solfeo Eskola soilik sortu baitzuen. José Juan Santesteban (1809-1984) eta Raimundo Sarriegui (1838-1913) izendatu zituen Udalak eskola hartako irakasle, bi-biak musikari entzutetsuak eta hirian oso estimatuak. 1878an, berriro planteatu zuen gaia Udalaren aurrean, eta, aldi berean, arrakasta handia izan zuten zenbait kontzertu eskaini zituen. Beharbada horrek konbentzitu zuen Udala 1879an, azkenean, Donostiako Udal Musika Akademia abian jartzera.

 

Erregelamendu Organikoa lantzeko, Iruñeko (1858), Baionako (1876) eta Bilboko (1878) musika eskoletakoak hartu zituzten eredu. Donostian, Bilboko Musika Eskolaren antzeko erregelamendu bat egin zuten, zenbait aldaketa sartuta. Erabaki zuten irakasleek, irakaskuntzan jarduteaz gain, Santa Maria eta San Bizente parrokietako musika emankizun batzuetan ere esku hartu beharko zutela. Musika Eskola abian jarri orduko, lehen urtean (1879), 358 ikasle matrikulatu ziren. 1880an, txistuaren irakaskuntza publikorako matrikula iragarri zen. 1886an, Udal Musika Banda sortzea erabaki zuen Donostiako Udalak, uda sasoia girotzeko. Bandako musikariak solfeoa eta haize instrumentuak irakasteaz arduratuko ziren. Horren ondorioz, ia desagertu egin zen hari instrumentuen irakaskuntza. Irakaskuntzaren atalari Musika Bandaren Akademia deitu zitzaion. Fermín Barechen bultzadari esker 1879an irekitako Musika Akademia 1888an itxi zen behin betiko.

 

XIX. mendearen amaieran, literatura, musika, pintura, arkeologia, ikerketa eta zientzien eta jakintzaren adar guztien zale ziren pertsona eskolatu eta ekintzaile batzuek Euskal Batzarrea (1893) sortu zuten, eta Wagner Aretoa deitu zioten kontzertuen aretoari. Hasiera batean, ganbera musikako gaualdi intimoak egiten zituzten, baina, oso denbora gutxian, ekitaldi horiek jende gehiagorengana zabaldu ziren; hala, kuota bat ordaintzen zuten bazkideen sistema sortu zuten. Horrela sortu zen, 1895ean, Easo Sozietate Anonimoa. Haren Arte Ederren Jauregia Arte Ederren Elkarteak kudeatuko zuen. Arte Ederren Elkarteak garrantzi handia du Kontserbatorioaren historian; izan ere, Arte Ederren Jauregian bertan kokatu zen Musika Akademia, eta han eman zirela eskolak 1912ra arte. Urte hartan, Musika Akademia banandu egin zen Arte Ederren Elkartetik, eta Donostiako Udalaren Musika eta Kantu Akademia berria sortu zen.

 

1927an, Akademiak Oinarrizko Musika Kontserbatorioaren maila eskuratu zuen ofizialki. Regino Áriz Cía zen artean zuzendaria. 1933an, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioaren egungo kokalekuan jarri zen Donostiako Akademia, Gipuzkoako hiriburuko Easo kalean. Juan Rafael Alday udal arkitektoak diseinatu zuen eraikina. 1976an, pianoko ikasketetarako goi mailako ofizialtasuna aitortu zitzaion Kontserbatorioari. 1980an, Goi Mailako ofizialtasuna aitortu zitzaion goi mailako espezialitate guztietarako, Konposizioa, Orkestra Zuzendaritza eta Musikologia barne. 1985ean, Kontserbatorioko Orkestra Sinfonikoa birfundatu egin zen, eta Kontserbatorioko Banda, Kontserbatorioko Korua eta Kontserbatorioko Balleta sortu ziren. 1986an, Kontserbatorioko Gazte Orkestra sortu zen. 1999an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ardurapean geratu zen zentroa, eta 2004an egun duen izendapena eman zitzaion: Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionala.

 

Koldo Ríos Álvaro

 

Koldo Ríos Álvaro doktoreak musika ikerkuntzaren saria jaso du Iconografía musical en el País Vasco hasta 1600: Catalogación y estudio tesiagatik.

 

Koldo Ríos Álvaro (Barakaldo, 1962) Filologia Hispanikoan lizentziatua da Salamancako Unibertsitatean, eta Musikologian doktorea Valladolideko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Salamancako goi mailako kontserbatorioan piano ikasketak egin zituen. 30 urte baino gehiagoan aritu da irakaskuntzan, musika ataletako buru gisa bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, baita Organologiako irakasle gisa ere, hiru urtez, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene). Bere ibilbide profesionalean zehar, hainbat lan argitaratu ditu eta sari ugari jaso ditu.