Arrakasta handikoak izan dira Donostiako Orfeoiaren azken bi kontzertuak. Sainz Alfaro maisuak zuzendutako abesbatzak Donostiako Kursaalean eta Madrilgo Auditorio Nazionalean abestu zuen joan den asteburuan, eta publikoaren harrera bikaina jaso zuen berriro.

Martxoaren 9an Operen Abesbatza Handien kontzertua ospatu zen Donostiako Kursaalean. 130 kantarik, Santa Cecilia Orkestra Klasikoak lagunduta, operaren historiako abesbatza ospetsuenen aukeraketa bat interpretatu zuten.

Bi egun geroago, Orfeoia Madrilera itzuli zen 100 bat kantarirekin kontzertua eskaintzera.

2400 ikusle inguruk bete zuten Auditorio Nazionala orfeoilarien ahotsak entzuteko. Gainera, martxoaren 11a zenez, egun berezia Madrilen, duela 20 urteko gertaera tragikoko biktimei omenaldia eskaintzeko "Aita Gurea" hunkigarria interpretatu zen kontzertuaren hasieran. 

Donostiako Orfeoiak entseatzen jarraitzen du hurrengo kontzertuetarako. Egun hauetan Alfonso Huarte maisuaren bisitarekin egiten du. Zuzendari honek 39 urteko ibilbidea du eta Nafarroako eta beste erkidego batzuetako abesbatzekin kolaboratu du. Iruñeko Orfeoiko zuzendaria ere izan zen 7 urtez, eta gaur egun Tafallako institutuko zuzendaria da.

Martxoaren 20, 21 eta 22an, Donostiako Orfeoiak Euskadiko Orkestraren Denboraldian parte hartuko du. Lehenengo bi egunetan Donostiako Kursaalean izango dira kontzertuak eta 22an Iruñeko Baluarten. Korua Pablo Gonzálezek zuzenduko du eta errepertorioa ondorengoa izango da: "At the Aegean shores (S. Venegas), Peter Grimes (B. Britten) eta Alexander Nevsky (S. Prokofiev).

Aste Santuan murgilduta, abesbatzak nazioarteko lehen irteera egingo du Frantziara; Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalaren Denboraldiaren barruan bi kontzertu eskaintzera. Lehena Toulousen izango da eta bigarrena Foix-en.

Kontzertuen eta sarreren salmentari buruzko informazio zehatza www.orfeondonostiarra.org webgunean kontsulta daiteke.